XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jose Migel Barandiaran euskaltzain kide agurgarria

Joan den abendoaren 31an sartu zira ehungarren urtean.

Mende oso bat abantzu mundu honetan bizi zarela, bere gora beherekin, bere aldakuntzekin, erreinu errepublika eta bertze.

Ehun urteren historia iragan duzu eta ez zen nola nahikoa.

Bizi luze bat beraz, bainan ez nagiarena eginez.

Pentsa daiteke beti gogoan zinituela Axularrek nagiari eginiko erasiak: Zoaz nagia, xinhaurriagana eta kontsidera itzazu haren bideak eta bidexkak, joan-etorriak eta itzul-inguruak nekeak eta trabailuak, eta ikasiko duzu zuk ere nola behar duzun aitzinerat eta bethiere bizi, ibili eta gobernatu.

Bai, zure bizi guzian xinaurriaren pare ibili eta gobernatu zara.

Ez ote da xinaurri lan ikertze lana, bereziki harpe, leize, mairu baratzetan ibiltzen zinelarik gure arbasoen historiaren bila.

Xinaurri lana, lurra emeki emeki miatzen zinuelarik aurrehistoriako euskaldunen herexak aurkituz, segituz, ezagutuz.

Ez zen oztoporik zuretzat.

Sartzen zinen oraindik ezagutuak ez ziren leizetan lurpeko ilunbea zilatzen zinuela orduko gizonek eginiko marrazkiak aurkituz, istudiatuz, salbatuz.

Euskal Herriko lehen gizona zer zen eta nor zen badakigu orain zuri esker.

Erranen didazu, eta arrazoinekin, ez dakigula zehazki nor zen bainan eman diguzu sekulan nehork eman ez zuen lehenbiziko itxura, egiazko hurbiltze zientifiko bat.

Xinaurri lana ere ibili zarelarik herriz herri gure Euskal Herri guzian, jende zaharrarekin mintzatuz, aurretik ondo asmatutako behar ziren galerak eginez, haien ahoetatik bilduz lehengo ipuin, alegia, historia eta erranak.

Bai Eusko folklore-an, bai ikuskan agertu dituzu xeheki inkesta horiek ahozkatzen ziren bezala, euskalkiak begiratuz eta zainduz.

Haieri esker eusko metodologia zaharra eman diguzu ezagutzera ez guri, Euskalduneri bakarrik, bainan mundu guziari.

Egia erran, mundu guztiak ezagutzen zaitu, mundu guziak badaki nor zaren, jakintsunen munduak goraki aitortzen duela jakintsun haundi zarela.

Ez ditut hemen aipatuko zein erresumatan egin dituzun mintzaldiak, zein kongresu zientifikotan ibili zaren.

Euskal Herriaren lekukotasuna agertu duzu atzerrietan eta denbora berean Euskal Herriaren onena hedatu.

Baina zer izanen zen zure lanaz ez balinbazinitu dizipuluak sortu? Xinaurriaren pare, geroari buruz jokatu duzu.

Hala nola xinaurriak bildua duen bihia hozidurak janez gero, lurraren humidurak eta hezetasunak, gainerakoa ustel eztiazon, atheratzen du noizik behin kanporat, airatzera eta iguzkiztatzera, halaber egin duzu zure ikasleekin kanporatuz zure jakituria eta esperientzia, bertzeen gogoak moldatuz, haziz, mamituz.